AMA
Edertasun latza
Koprodukzioa: Opéra Grand Avignon, Laboratorio de las artes de Valladolid, Donostia Kultura
Kolaboratzaileak: Barakaldo Antzokia, Universitat Jaume I, Mostra Igualada
Sinopsia
Mario loft batean bizi da, lantoki eta bizileku den espazioan. Margolaria da, aitaren ofizio berekoa. Aspalditik dabil noraezean, errealitatearen krudelak gaina hartuta. Gurasoak zaharkituta daude oso, eta alaba gaztetxoak ere zaintzeko premia handia du. Mario halamoduz arduratzen da haien zaintzaz, sekula ez du ikasi nola egin, sekula ez du jakin nahi izan nola egin.
Mariok erronkari aurre egin beharko dio, bidaia iniziatikoa izango da, familiaren baitan, iraganak oraina zipriztintzen duen bitartean, etorkizunik ba ote dagoen jakiteke.
Sorkuntzaz
Marie de Jongh-en antzerki egitasmo berriak AMA du izena. Duela lau bat urte abian jarri zen proiektua da. Konpainiak, orain arte egindako ibilbidean, urrats berri bat eman du AMArekin, bai forma aldetik eta baita mamiari dagokionez ere. Izan ere, aurreneko aldiz, lana ikuslego helduari zuzenduta dago, edo bestela esanda, 12 urtetik gorakoentzat da. Are, zero-maskara izendatu dugun maskara baliatu dugu obran, maskara neutrora ere iristen ez dena, ez duelako humanizatuko duen inolako arrastorik.
Edonola ere, Marie de Jongh-en ezaugarri nagusi izan diren bi mantentzen ditugu: ez dugu hitzik erabiliko eta istorioa geuk asmatutakoa da.
AMAk pertsona hauskor eta ikarati batzuen berezko indarra du hizpide. Goretsi nahiko luke zaintzaren baitan dagoen edertasun epikoa. Guraso zaharren zaintza, apurka-apurka hiltzen doazen horiek, hil ahala gure bizitza zati bat ere haiekin eramaten dutelarik.
AMAk emozio sakonena dantzan jarriko du, sakontasun hori egunerokotasunetik erreskatatuz, eta han nahastuko dira prosaikoa eta fantastikoa, magia eta oroitzapena, artea eta irria, absurdoa eta tragikoa
Ikuskizunaren tonua
Beti interesatu zaigu giza-sentimenduak larru gorritan uzten dituzten gaiak jorratzea.
“Ez dut zuentzat traba izan nahi.”
Nire amak.
Bada, ez dugu errealitatearen gordina ezkutatzerik nahi, ez makilatu, ez faltsuki gozatu; baina interesantea iruditzen zaigu hori guztia surrealismoarekin nahastea, edo poetikotasun geruza bat eranstea, edertasunak izan dezan leku gure “mugimendudun koadroetan”, ahalik eta jende gehienak gozatzeko besteko lanak izan daitezen. Zero-maskararen erabilerak erabat baldintzatzen du proiektua formaz zein mamiz.
Hasteko eta behin, maskara hori zergatik darabilgun galderari erantzun nahiko genioke:
Zero-maskarak gure pertsonaiak nolabaiteko desoreka batean jartzen ditu, gizatasuna kolokan jartzeraino, eta ideia hori interesatzen zaigu. Erakargarria irizten diogu, uste dugulako denok bizi garela nola edo hala hari fin horren gainean, muga mehe horretan. Haratago Izu-ikara sortzen diguna dago, munstroen eremua. Edo bestela esanda, eromena, jakinda harresirik gabeko muga hori gure baitan dagoela.
Horrela, ikuskizun osoan zehar hari fin horretan, orekari lanetan, ikusiko ditugu pertsonaiak, sarri zaila izango delarik jakitea bietako zein aldetan dabiltzan..
Behe-laino goiztiarrak, arratsalde gorrixkak, urre kolorekoak;
gau ñirñirkariak eta sugarra, elurra;
kukuaren kanta, txakurren zaunka;
ilargi isila, izotz zuri eraikina;
mitxoletak, neguko arbola biluzi eta zaharrak
laino artean;
andre-gizonen begi eta eskuak,
izterren maitasun eta leuntasuna,
zilarrezko zaldiarena, ala kaoba kolorekoa;
istorio eta kontakizunak, margolanak, eta tailla bat.
Hori guztia heriotzarekin ordaindu behar da.
Agian ez da horren garestia.
JOSÉ JIMÉNEZ LOZANO
Hurrengo ikuskizunak
Egilea eta zuzendari: Jokin Oregi
Kanpo begirada: Pablo Messiez
Zuzendari laguntzailea: Ana Meabe
Jokalariak:Ana Martínez, Javier Renobales, Anduriña Zurutuza, Jokin Oregi, Ana Meabe, Joseba Uribarri, Amets Ibarra
Eszenografia eta jantziak: Elisa Sanz, Ikerne Giménez
Jantziak eta maskarak: Inma Gómez (KKUM)
Musika: Adrian García de los Ojos
Argi diseinua: Felipe Ramos
Teknikariak: Unai Barrio / Edu Berja
Produkzio laguntzailea: Nagore Navarro
Komunikazioa: Irene Zarrabeitia
Produkzio Exekutiboa: Pio Ortiz de Pinedo
Kontaktua
Irene Zarrabeitia | mdj.komunikazioa@gmail.com | (+34) 692 775 129